Energia Jardunaldiak Eibarko Ingeniaritza Eskolan

Azaroaren 25, 26 eta 27an, Euskal Herriko Unibertsitateko, UPV/EHUko Eibarko Ingeniaritza Eskolan, 2013ko Energia Jardunaldiak izan dira. Jardunaldi hauek, Eskolako Zuzendaritzari ikasleek egindako proposamen gisa sortu ziren. Izan ere, ikasleek motibazio handia erakusten dute energia berriztagarrietarako teknologiekin zerikusia daukaten gaiei buruz, eta energiaren garraio, banaketa, biltegiratze eta erabilerarekin zerikusia duten gaiei buruz ere bai.

Jardunaldi hauen helburua, gizartea gaur egungo energia-ereduaren arazoez ohartaraztea eta garapen ekonomiko eta sozial iraunkorrerako hainbat alternatiba aurkeztea izan da. Alde horretatik, Europako Batzordeak bere energia-politikan argindar horniduraren segurtasuna bermatzearen eta klima aldaketarekin lotutako igorpenak murriztearen alde egiten du. Horrek berehalako sustapen-jarduerak eskatzen ditu; energia-iturri berriztagarriak, garraiorako erregai alternatiboak eta sistemen energia-eraginkortasun handiagoa sustatzeko, alegia.

Gauzak horrela, energia berriztagarrien eremuan esperientzia aintzatetsia daukaten txostengileak aritu ziren hizlari, energia berriztagarrien garapen sozialerako eta nazioarteko agendan daukaten leku gero eta garrantzitsuagorako funtsezkoak diren aldetik. Energia horien gizarte alderdia aztertu da, eta energia eskuratzeko eskubide unibertsala bermatzeko eragile gisa daukaten zeregina nabarmendu da. Alde horretatik, hizlariek gaur egungo energia-ereduarekin lotutako muga ekonomikoei eta ingurumen nahiz arau aldeko mugei buruz duten ikusmoldea azaldu dute, eta ezarri ahal diren neurri estrategikoen berri eman dute.

Azaroak 25

Jardunaldiak inauguratzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Aitor Urrestik bere ikusmoldea azaldu zuen, energia-esparru orokorrari eta erregai fosilen mugei buruz, eta gaur egungo energia-krisiaren azterketa orokorra egin zuen. Urresti irakaslea, Industria Ingeniaria da, eta Eibarren Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduan eskolak ematen ditu, eguzki-energia termikoarekin eta geotermiarekin zerikusia duten gaietan. Bere ikerketa-arloetako bat beroa fase-aldaketako materialekin biltegiratzea da, helburua eguzki-energia eraikuntzan eta industrian integratzea dela.

Gainera, lehenengo egunean Desazkundea erakundeko ordezkari den Pedro Ugartek ere esku hartu zuen. Talde hori, honela definitzen da: teoria ekonomikoa, mugimendu ekologikoa, bizimodu bat edo batzuk, ideia eraldatzailea, mundua aldatu nahi duena, erakunde propioetatik abiatuta edo lehendik sortutako erakundeei –alderdi politikoak, sindikatuak eta GGKEak– atxikiz eta haiengan eraginez, eta ekonomiaren ordez pertsonak jartzean datzan alternatiba proposatuz.

Azaroak 26

Jardunaldien bigarren egunean, hasieran, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Roberto Bermejo aritu zen hizlari. Roberto Bermejo Ekonomia Zientzietan doktorea da, eta energia trantsizioari buruzko txostena aurkeztu zuen. Bermejo irakasleak Ekonomia Iraunkorrari buruzko eskolak ematen ditu. Liburu, artikulu eta txosten ugari argitaratu ditu garapen iraunkorraren arloan izen handia daukaten kongresuetan, energia berriztagarriak eta hidrogenoaren ekonomia bereziki azpimarratuta. Ekonomia ekologikoari eta ekologia politikoari buruzko Ekopol ikerketa taldeko eta Hegoako kide da.

Jarraian, Arabako Fracking Ez Araba plataformako Mikel Oterok bere txostena aurkeztu zuen. Gasa haustura hidraulikoaren metodoaren bitartez erauzteko zundaketek sorrarazten duen ziurgabetasuna Europa osoan nola handitzen ari den azaldu zuen. Mikel Oterok ehundik gora txosten aurkeztu ditu talde honekin, eta nazioarteko batzorde, jardunaldi eta mintegi ugaritan parte hartu du. Gainera, Info7 irratiarekin eta Fracking Ez aldizkariaren erredakzioarekin lankidetzan aritzen da.

Azaroak 27

Jardunaldien hirugarren eguna Basque OSEko ordezkari den Tomás Tamayoren hitzaldiarekin hasi zen. Bere aurkezpenean kode irekiko ekonomiaren filosofia aztertu zuen. Tomas Tamayo Industria Ingeniaria da, eta gaur egun ikerketa teknologikoko, aplikazio mugikorretako, komunitateen sorkuntzako eta gizarte eraldaketako  proiektu propioetan ari da lanean. Aldi berean, ekintzaile taldeak trebatzen ditu, berrikuntza eta ekintzailetza hazteko bide gisa ikusten dituzten enpresetan. 2009an, diseinuaren, industrializazioaren eta teknologiaren arloko aholkularitza enpresa bat sortu zuen. Enpresa horretatik abiatuta taldeko ekintzailetza-proiektuak garatzen ditu eta proiektuotan parte hartzen du, gara daitezen eta haz daitezen, beren kabuz funtzionatzeko izaera nahikoa hartu arte, enpresa independentea sortuz eta enplegua sorraraziz.

Jardunaldiak amaitzeko, Eduardo Urturi Industria Ingeniaria aritu zen. Eduardo GoiEnerren fundatzaile eta artekaritza kontseiluko kide da, eta horrez gain GoiEnerreko sorkuntza taldearen koordinatzaile ere bai. GoiEner energia berdea merkaturatzen duen kooperatiba da. Energia ereduaren aldaketa sustatzen du, %100ean jatorri berriztagarria duen argindarraren eskaria handituz eta energia hori merkaturatuz. Kontsumo arduratsua sustatzen du, kontzientziazio eta informazio jardueren bitartez. Bere egitekoa, herritarrek oinarrizko ondasuna den energiaren kontrola berreskuratzeko egiten duten eskaria bideratzea da. Herri kooperatiba gisa duten balioak bultzatuta egiten dute lan, eta parekoen artean hartzen dituzte erabakiak, bazkide bat eta boto bat elkarren parekoak dira-eta. 2012an hasi zuten euren ibilbidea kooperatiba gisa. 2013ko urrian, 700 bazkide ziren, eta euren helburua bizilagun, enpresa txiki eta erakunde publiko gehiagorekin hazten jarraitzea da. GoiEner alderdi politikoekin batere zerikusirik ez duen erakundea da, eta gaur egungo energia-sektorearen eredurako alternatibetan lagundu nahi duten indar sozial eta politiko guztien partaidetzaren aldeko jarrera du.

 

2013ko Energia Jardunaldi hauek, izaugarrizko arrakasta izan dute UPV/EHUko langile eta ikasleen artean, eta baita enpresa, tokiko-erakunde etabar. Ehun pertsonatik gora bertaratu dira, eta horien aldetik jasotako balorazioa oso altua izan da. Jardunaldien antolaketa Batzordetik, gure esker ona azaldu nahi diegu bertaratutako guztiei, beraien partaidetza eta aintzatespenagatik.

El contenido de esta página requiere una versión más reciente de Adobe Flash Player.

Obtener Adobe Flash Player