3.4- uztailak 15/17 Gerra zibila euskal literaturan (1936-2009) (W)
Zuzendaria: Lourdes Otaegi Imaz.
Letren Fakultatea. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.
Helburuak:
Gerra Zibila amaitu zela berrogeita hamar urte betetzen diren urte honetan, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak (LIB) gertakari hark euskal literaturan izan duen harrera eta isla hartu du aztergai.
Hiru dira ikastaroan zehar garatuko diren hitzaldien xedeak:
1.- Euskal Literaturan Gerra Zibilari buruz mamitzen joan den irudien azterketa egitea. Horretarako, gerraren testuinguru hartan bertan eginiko literatura hartuko da lehenik mintzagai, hala prentsa bidez aditzera eman zena Iparraldean bezala Hegoaldean (Eskualduna, Eusko Deya, Eguna, Euzkadi,...), nola garaiko idazleen sorkuntzek emandako lekukotza, hala nola Iratzeder olerkariarena. Eta beste alde batetik, gerraostean zehar mamituz joan den lekukotzaren ezaugarriak aztertuko dira.
2.- Diskurtso historiko eta diskurtso literarioaren arteko harremanen inguruko gogoetak zabaltzea. Honi dagokionez, historiagileek egindako gerraren interpretazio eta azalpena jarriko da harremanetan literaturan egindako "irakurketa"rekin, hala nola, Gernikako bonbardaketa bezalako gertakariak, edota gerraren ondorioz erbesteratuek eleberrian, olerkian eta antzerkian izan duten isla.
3.- Memoria indibidualaren eta literaturaren harremanen inguruko hausnarketa berezitua ere izango da aztergai: lekukoen memoriatik fikzio literarioaren eraketaraino. Alde honetatik, gerraren oroitzapenaren modulazio eta ezaugarri ezberdinak aztertuko dira. Lehenik, bertako protagonista izan zirenen kontaketak direnean, hala nola S. Salaberriaren Neronek tirako nizkin (Auspoa 1964) bezalakoetan; bestalde, besteren ahotik entzundako memoriakizunak direnean, hala nola, J.A. Arrietaren Abuztuaren hamabosteko bazkalondoa (GAK 1979) edota bestelako tratamendu fikzionatu baten ekaiak bilakatzen direnean, hala nola, J. Sarrionandiaren ipuinetan (Ifarraldeko orduak, Elkar, 1990) edo R. Saizarbitoriaren eleberrietan (Bihotz bi, Erein, 1995).
Euskaltzaindia-ren lankidetzaz.
Matrikula-prezioak: maiatzaren 31ra arte: 70 €. Ekainaren 1etik aurrera: 84 €.
Balio akademikoa: 30 ordu.
Hizkuntza ofiziala: euskara.