IBERIAR PENINTSULAKO DINOSAUROAK

Iberiar penintsulako aztarnategietan, dinosauroen eskeleto-hondar artikulatuez, oinatzez eta habiez -arrautza eta guzti- osatutako fosil ugari aurkitu izan da.

Goi Jurasikoko dinosauro adierazgarrienak Allosaurus teropodoa, Lourinhasaurus sauropodoa eta Dacentrurus estegosauroa dira.

Behe Kretazeoko dinosauro ugarienak, berriz, iguanodontidoak (Iguanodon-a) eta bi hankako korrikalari txikiak diren hipsilofodontidoak dira. Aragosaurus sauropodoa eta Pelecanimimus teropodoa Iberiar penintsulak bere-bereak dituen formak dira.

Kretazeoaren amaieran, sauropodo titanosauroak (Lirainosaurus-a) eta hadrosauroak(Pararhabdodon-a) dira adierazgarrienak. Ankilosauroek, teropodoek eta ornitopodo primitiboek (Rhabdodon-ak) osatzen dituzte garai hartako faunak.

Kretazeo amaierako Iberiar penintsulako paisaia (orain dela 70 milioi urte). Aurrean, lehen planoan, ankilosauro bat landareak jaten ari da, titanosauro bikote bat aldamenetik pasatzen ari zaion bitartean. Atzean, haragijale handi bat bi hadrosaurori atzetik segika.