Eguzki Energia Fotovoltaikoko Laborategia

Sistema fotovoltaikoa eskuragarri dagoen eguzki energia jaso eta energia elektriko gisa erabiltzeko moduan uzteko helburuarekin bat egiten duten osagai mekanikoen, elektrikoen eta elektronikoen multzoa da.

Sistema horiek talde hauetan bana daitezke, beren erabilera edo potentzia tamaina edozein dela ere:

Laborategi berriak hiru sistema mota hauek barne hartzen ditu.

Sistema isolatuak

Sistema isolatuen instalazioen helburua banaketa sare elektrikorik ez duten edo sarerako sarbide zaila duten lekuetan energia elektrikoaren eskaerari guztiz edo partzialki erantzutea da. Eibarko IITUEko laborategi berriak mota honetako lau instalazio ditu, bakoitza 170 Wp-koa. Sistema aplikazio fotovoltaiko autonomo desberdinak aztertzeko oinarrizko elementuek osatzen dute.

Oro har, sistema isolatuek energia metatzeko sistemak izaten dituzte; izan ere, egunez bakarrik eman dezakete energia, eta energia eskaera egun eta gau osokoa izaten da. Beraz, eremu fotovoltaikoaren kokapenak intsolazio orduetan karga elikatzea eta metaketa bateriak kargatzea ahalbidetu behar du. Horretarako, laborategiko eguzki energia sorgailua osatzen duten modulu fotovoltaikoak eraikinaren kanpoaldean instalatuta daude, behar bezala orientatuta.

Sistema hibridoa: fotovoltaiko autonomoa + minieolikoa

Kasu batzuetan, sistema fotovoltaiko isolatuari beste sistema bat gehi dakioke, elektrizitatea eskuratzeko berme handiagoa izateko. Oro har, sistema hibrido horrek energia eolikoa edo multzo elektrogenoak erabiltzen ditu, eta instalazioaren inguruan egon daitekeen energia baliabideren bat aprobetxatzeko edo energia hornikuntza fidagarriagoa bihurtzeko erabiltzen da.

Eibarko IITUEko laborategi berriak instalazio hibrido bat du. Instalazio horretara konektatuta daude 1.100 Wp-ko eguzki eremu fotovoltaiko bat eta 400 W-ko sorgailu eoliko bat. Sare elektrikoaren aplikazio fotovoltaiko isolatuak ezagutzea helburu duen sistema honek ikastegiko ikasgela edo laborategia energia elektrikoz hornitzeko aukera ematen du. Horrez gain, sare elektrikoarekin batera funtziona dezake; hala, energia urritasuna egonez gero, sor daitezkeen behar elektrikoei erantzun ahal izango die.

Sarera konektatutako sistemak

Sistema honen helburua eguzki erradiazioa jasotzea eta energia elektriko bihurtzea da, horretarako instalatutako eguzki panelez osatutako eremu fotovoltaiko baten bidez. Ondoren, sortutako energia hori banaketa sare elektrikora igarotzen da zuzenean, instalazio mota horietarako DC/AC alderantzikagailu baten bidez. Laborategi berriak mota horretako bi instalazio ditu, bakoitza 1.100 Wpkoa. Bien arteko aldea da batek SMA alderantzikagailu bat duela eta besteak Fronius alderantzikagailu bat. Gainera, sistemak eguzki instalazio fotovoltaikoaren funtzionamendua monitorizatzeko software bat barne hartzen du.

Bestalde, ardatz bakarreko eguzki-jarraitzailea duen beste instalazio bat jarri da, instalazioak jasotzen duen energia areagotzeko. Jarraitzailea zutoin baten gainean dago, ikastegiko terrazan lastatuta. Jarraitzailean instalatutako eremu fotovoltaikoak 370 Wp-ko potentzia du.

Galería fotográfica

El contenido de esta página requiere una versión más reciente de Adobe Flash Player.

Obtener Adobe Flash Player

Eguzki Energia Fotovoltaikoko Laborategiaren instalazioa Ekain Taldea S.L.k egin du.